NEREA MURILLO

Nerea naiz, eta betidanik sentitu naiz sortzaile. Izan ere, sortzaile izatea ez da ondo marraztu edo margotzea; hortik harago doan kontzeptu bat da.
 
Nire bizitzako etapa ezberdinetan, sorkuntza modu askotara agertu da: txikitan panpinen arropak diseinatzen, gaztetan Arte Ederren eskolan marrazten eta margotzen ikasten, eta gaur egun, denbora librean, zeramika eta ilustrazio digitala modu autonomoan lantzen.

Sormenarekiko jakin-min horrek bide ezberdinak esploratzera eraman nau. Diseinu Industriala ikasi ondoren, nire bidea erabiltzaile-esperientziara eta produktu digitalaren diseinura bideratu dut. Gaur egun, UX eta Diseinu Estratega gisa lan egiten dut, sormena, estrategia eta pertsonen beharrak bateratuz.

"Ikusten ez duguna"

Azkenaldian bueltaka darabildan gogoeta bat: zenbateraino du sareetan erakusten dugunak gure benetako bizitzaren antza?
Loreek sareetan erakusten dugun mundu perfektu hori irudikatzen dute. Hainbeste perfekzio partekaturen artean, loreak hazten doaz, gure begiak estali, gu itsutu eta pantailaren atzean geratzen den horretatik aldentzen gaituzte: gure errealitate propiotik.

Erakusten dugunaren antza al dugu, ala erakusten ez dugunarena?